IRRIMARRA

Kolore biziko ilustrazioak sortzen dituen kolektibo dinamikoa

Irrimarra, Irene Irureta eta Karmele Gorroñok osatutako tandem sortzailea da. Arte Ederrak ikasten hasi ziren elkarlanean eta geroztik kolore bizi eta izaera indartsua duten pertsonai eta eszenak sortzen eta marrazten diardute. 
Aipatzea ere Irene gurekin Batxilergo artistikoan bere inpronta utzi zuela.
Gaurko beraz, plazer bat  Irrimarra kolektiboaren ilustrazio mundu mirezgarrian igeri egitea.

irrimara bi zarete, zergaitik bi? nola da biren artean lan egitea? zuen istoria eta nondik norakoak kontatzerik?

Unibertsitatean elkar ezagutu genuen eta bertan esperimentazio edo jolas moduan hasi ginen elkarlanean. Aurrerago, klaseko proiektuak ere elkarrekin aurkezten hasi ginen eta honela, pixkanaka, bion artean lan egiteko modu bat sortu genuen. Unibertsitatetik ateratzean, bakoitzak bere ikasketak jarraitu zituen 2016-an lan kolektiboaren alde apostu egin genuen arte, “irrimarra” sortuz. Geroztik proiektu anitzetan hartu dugu parte, urtetik urtera gure imaginarioa zehazten joan delarik.

Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroñok ilustratuak
Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustratuak

Ilustratzaile izateko, bokazioa, dedikazioa eta pasioa behar da antza, baina zer da ilustratzaile izatetik gustokoen duzuena?

Ilustratzaile izatearen edertasuna, marraztearen plazerra da guretzat. Gustoko dugun beste gauzetako bat, ilustrazioen bidez, proiektu ezberdinei komunikazioa osatzeko eman diezaiokegun laguntza da. Hau da, irudien bitartez ikuslearekin komunikatzeko dugun ahalmena.

Irrimarra Elkarrizketa -emakume ilustratua bele batekin eskuetan
Irrimarra Elkarrizketa -emakume ilustratua bele batekin eskuetan

Hainbat hormairudi, liburu eta argitalpenetan parte hartu duzue, nola da zuen marrazteko prozesua?

Euskarria aldatu arren, gutxi gorabehera prozesu berdina mantentzen dugu. Hasierako ideiatik hasita, proiektuaren azken emaitzerarte, elkarlanean aritzen gara beti. Lehenik eta behin, ideiaren “brain storming” bat osatzen dugu eta bertatik lehen bozetoak sortzen ditugu. Hauek bezeroarekin elkarbanatzen ditugu eta hartuemanen ondoren, eman behar diren aldaketak burutzen ditugu. Ondoren bozetoak garatzen ditugu eta azkenik gehien gozatzen dugun momentua iristen da: marraztu eta koloreztatzearena. Sentsazio zoragarria da hasieran gure buruetan zeuden ideia abstratu horiek, gauza fisiko edo ikusentzunezko batean bilakatzen direnean. 

Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroño arrain baten horma irudi bat egiten
Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroño arrain baten horma irudi bat egiten

Zuen pertsonaiek badute horrelako itxura sendoa, barregarrria batzutan, xarmangarria askotan… zer esan dezakezute beraietaz?

Beti sailatu izan gara pertsonai bakoitzari bere istorio zein izaera propio bat ematen, forma, janzkera eta jarreren bitartez. Erreferente ezberdinak sortzea dugu helburu, ikusle edo irakurleek identifikatuak sentitzeko aukera gehiago izan dezaten. 

Irrimarra Elkarrizketa - Pertsonai ilustratuak kalean ibiltzen

Nondik ateratzen dituzue marrazteko ideiak? inspiratzen zaituzten web orriak? eta ilustratzaileak?

Gure ustez marrazteko ideiak orokorrean, bizitzaren egunerokotasunetik ateratzen dira. Edozer edo edonork inspira zaitzake. Beraz, oso garrantzitsua ikusten dugu, lantokitik atera eta erakusketak bisitatzera joatea, bidaiatzea, irakurtzea edo marraztea ez den beste hobby bat izatea. Hauek sormen inkontzientean asko laguntzen dute. Kuoi album ilustratuaren kasuan esaterako, orain dela urte batzuk egin genuen Vietnameko bidaia izan da guretzat ezin besteko inspirazio iturri.
Web-eko irudiei dagokionez, denetarik begiratzea gustatzen zaigu inspiratzeko: alfonbra persak, Lucas Riseren armairuak, Olily arroparen irudiak, William Morrisen estanpatuak, Richard O´Gormanen diseinuak eta abar. Gaur egun ditugun saresozialen ondorioz, egunero blaitzen gara ilus-tratzaile ezberdinen lanez, eta beti gabiltza lehenago ezagutzen ez genituenak deskubritzen, esaterako: Sebastian Santafe, Lisa Congdon, Amber Vittoria, Vanina Starkoff, edo Catalina Estrada.  

Teknikak garrantzia duela dirudi zuen lanean, baina zein teknika erabiltzen dituzue?

Euskarri edo proiektuaren arabehera aldatzen dugu teknikaz. Horma-irudi edo tamaina handiko arte lanak sortzeko, akrilikoa erabiltzen dugu. Bestelako argitalpenetarako, hasierako akuarelak alde batera utzi eta gouachea bihurtu da gehien erabiltzen dugun tresna. Honek ematen dituen aukera anitzak atsegin ditugu. Gaur egun, teknika digitala ere erabiltzen dugu. Egunkarietarako lan egin behar denean adibidez, exijitzen duten azkartasunaren ondorioz, ezinezkoa litzateke guretzat eskuzko lan bat sortzea horren denbora gutxian eta guk nahiko genukeen kalitate mailan. Guretzat dudarik gabe dibertigarriena lan mota ezberdinak izatea da, teknika batetik bestera saltoka aritzea, asko disfrutatzen dugu horretan. 

Irrimarra Elkarrizketa - Familia komunikatzen ilustratua
Irrimarra Elkarrizketa - Familia komunikatzen ilustratua

Zer proiektu dituzue esku artean?

Euskararen aldeko horma-irudi bat pintatzen gabiltza oraintxe bertan Galdakaon, erakusketa bat prestatzen eta Booktegi web orrialdeko eguzkilore atalerako aurtengo ipuinen ilustrazioak sortzen. 

Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustrazio baten aurrean
Irrimarra Elkarrizketa - Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustrazio baten aurrean

Zuen ikuspegitik, nola dago ilustrazioaren mundua Euskal Herri aldean?

Ilustrazioak orokorrean indarra hartu duen arren, ilustratzaileon lana prekarioa izaten jarraitzen du. Gehienak autonomoak gara eta gure kuota hilero ordaintzea ez da hain gauza erraza izaten, kontuan izanda hilabete batzuetan ez duzula diru sarrerarik izango. Bestalde, urtetik urtera kuota minimoa igotzen ari da eta horrek ere ez du laguntzen. Oraindik sindikatu bat ez dugunez, garrantzitsua ikusten dugu dauden ilustratzaile elkarteren batean parte hartzea: Euskal irudigileak, Galtzagorri edo APIM bezalakoetan. 

Irrimarra Elkarrizketa -emakumea ordenagailu aurrean ilustrazioa
Irrimarra Elkarrizketa -emakumea ordenagailu aurrean ilustrazioa

Mundua hankaz gora degu aspaldian, zuen ustetan, ze ekarpen egin diezaioke ilustrazioak munduari?

Ilustrazioak, beste arte motekin batera, munduko herri guztien sormena, berrikuntza eta kultura aniztasuna elikatzen dute. Ekarpen garrantzitsua betetzen dute giza ezagutzan, arlo ezberdinen interes sustapenetan eta elkarren arteko komunikazio trukeetan. Gaur egun bizi ditugun urruntze fisiko, estres eta antsietatean, ezinbestekoak izan dira kultur disziplina ezberdinak gure emozioak adierazteko edo lasaitzeko.

 
Irrimarra Elkarrizketa -jende pilaketaren ilustrazioa
Irrimarra Elkarrizketa -jende pilaketaren ilustrazioa

Gure ikasle asko marrazki eta ilustrazioaren mundua dute gustoko; ze esango zeniekete?

Zuk zeuk ez baduzu zure lana baloratzen, besteek ez dute baloratuko. Konfidantza izan egiten duzunarengan eta ez utzi inoiz ikasteari. 

Irrimarra Elkarrizketa - bikotea mundua marrazten
Irrimarra Elkarrizketa - bikotea mundua marrazten