Leire Salaberria Ilustratzailea
Marrazkilari bizitza
Arte eta Diseinua irakasten duen eskola bat izanik, askotan sorpresa ederrak jasotzen ditugu bueltan. Gaurko elkarrizketa hau horietako bat da. Duela urte batzuk ikasle bizi eta marrazkilari bat pasa zen Usandizagako Arte Batxilergotik eta urte batzuk pasa ondoren, ilustratzaile bikaina bihurtu dela ikusten degu.
Beraz gaurkoan, plazer bat da Leire Salaberria ilustratzailearekin solasaldi bat izatea.
hasteko, zure burua aurkezterik? nor da eta nolakoa da Leire Salaberria?
Esaldi batetan laburibilduta. Orainean murgilduta bizi den bi alaben ama marrazkilaria naiz.
nola sartu zinen ilustrazioaren munduan? Zein izan da zure ibilbidea marrazkien mundu horretan?
Nire burua marrazten oroitzen dut txikitatik. Handitan zertan lan egin nahi nuen galdetzen zidatenean nik margolaria esaten nuen. Horrek zer esan nahi zuen ondo jakin gabe.
Batxilergo artistikoa egin nuen zuenean, gero Arte Ederrak Bilbon, Italian eraberritze lanetan aritu nintzen bi urtez eta azkenik diseinu eta ilustrazio graduondoak Bartzelonan. Tartean marraztearekin zerikusirik ez duten lanak egin nituen. Horiek eman zizkidaten ilustrazioan murgiltzeko gogoak, ez bait nuen lan horietan betirako jarraitu nahi. Margolaria izatea zaila ikusten nuen eta ilustrazioan merkatu bat zegoela konturatu nintzan, ofizio bat.
Lehen albuma “Euria ari duenean” Etxepare sarira aurkezteko egin nuen eta zortea izan nuen irabazteaz gain beste hizkuntza batzuetan ere argitaratu zutelako. Horrek ateak zabaldu zizkidan merkatu editorialean. Oraindik liburudenda zein liburutegietan aurkitzen dudanean unkitu egiten nau. 9 urte atzera salto egiten dut eta ametsez beteriko marrazkilari bat ikusten dut bere estudioko mahaian marrazten. Gerora proiektu ezberdin asko egin ditut, gehienak liburu formatuan. 30 liburutik gora ilustratu ditut. Pentsatzearekin bakarrik zorabioa datorkit.
30 liburutik gora, bada bai ibilbidea… Nola da liburua ilustratzearen prozesua?
Bi modutan egiten dut lan. Lehena enkargu bat bidaltzen didatenean ta bigarrena nik nere proiektua proposatzen dudanean. Enkarguan, textua bidaltzen dizute eta nondik norakoak azaldu. Gehienetan libre xamar uzten didate lanean, baina ez beti. Textua irakurri eta ideiei bueltaka aritzen naiz. Gero bozetuak egin eta bidali eta hauek onartuak daudenean koloretan egiten ditut. Prozesu nahiko mekanikoa da.
Liburua nirea denean ez dut metodo konkreturik. Batzuetan historioa marrazki batetik sortzen da, edo alderantziz. Badut kuaderno bat non zirriborro, ideia… apuntatu eta marrazten ditudan. Kuaderno horrekin aritzen naiz bueltaka ideia historio bihurtzen den arte. Modu kaotiko eta librea da baina oso dibertigarria. Ideia txiki batetik liburu bat nola sortzen den ikustea oso prozesu interesgarria da. Enkargu asko izaten ditut eta proiektu pertsonaletarako denbora gutxi baina hauei ekitea da nire etorkizunerako helburuetariko bat.
aurrean horri zuri bat eta… zein izango litzateke zure ametsetako ilustrazio lana?
Horri zuri bat ezin dut zuri ikusi, hori arazo bat da. Irudiz betetzen dut nahiz eta askotan gutxirekin hobeto funtzionatu marrazki batek. Horror vakuiren biktima naizela esango nuke. Azkenaldian ikasten ari naizen arren… jeje!
Ez dut ametsetako ilustraziorik, ez proiekturik ere. Egia da irudi mota batzuekin gehiago disfrutatzen dudala, fantasiarekin zerikusia dutenekin batez ere… baina edozertara moldatzen naiz eta gozatzea lortu. Elduentzako komiki bat egin nahiko nuke etorkizunean, zientzia fikziozkoa edo fantasiazkoa. Indarrak biltzen ari naiz horretarako lan izugarria bait da eta momentu honetan umeak txikiak direnez ez dun denbora gehiegirik horrelako proiektu batetan sartzeko.
zein tresna eta teknika erabiltzen dituzu marrazteko?
Orain arte teknika ezberdinekin aritzen nintzen. Lan bakoitzerako teknika bat probatzen joaten nintzen. Collage, akrilikoak, pirografia, akuarelak, arkatzak, ordenagailua…. Historio bakoitzak bere teknika eskatzen zuela sentitzen nuen. Ama naizenetik ez dut denbora askorik teknikak probatzen aritzeko eta azkenaldian goache, akuarela eta arkatzak erabiltzen ditut. Ordenagailuz ere egin ditut liburu batzuk teknika hori eskatzen zuelako proiektu motagatik. Oso marrazkilari praktikoan bilakatu naiz. Ordu gutxirekin emaitza onak lortzea da helburua momentu honetan.
egia esan zure ilustrazioak han eta hemen ikusi eta txundituta geratu gera. Zein ilustratzaileren lana iruditzen zaizu inspiragarria? beste inspirazio iturririk?
Hiru ilustratzaile aipatuko ditut beren lana eta ibilbideagatik. Oliver Jeffers, Beatrice Alemagna eta Rebecca Dautremer. Istorioak kontatzeko duten estilo pertsonal eta bereziagatik, bakoitzak bere modura. Textua eta irudia maixuki uztartzen dituzte eta oso estilo pertsonaleko liburuak egin. Dautremerren kasuan bere marrazkiek izan duten eboluzioa ikaragarria izan da eta irudi bakoitzak emozioak trasmititzeko duten indarra izugarrizkoa da.
Ispirazioa egunerokoan dago. Lanean murgildurik zaudenean ideiak datoz, ohean, sukaldatzen, parkean… edozein momentutan okurritu ahal zaizu zerbait. Orduan ziztu bizian kuadernoa hartu eta bertan apuntatzen dut. Geroage begiratu eta askotan ezertarako balio ez badute ere entrenamendu moduko bat da. Beste ispirazio iturria, besteen lana dela esango nuke. Bai ilustratzaile, margolari, argazkilarienak. Serie eta filmak ikustea ere ikaragarri gustatzen zait ta imaginatzen dut hortik ere edaten dudala. Azkenaldian filminen Gibli estudioko animazioak jarri dituzte tea bata bestearen atzetik ikusten ari naiz batzuk eta beste batzuk berrikusten. Hori bai magia! Eta txikitan marrazki bizidun pilo bat ikusten nituen.
zure lanaren jarraipena eginik, aldaketa nabariak daudela iruditzen zaigu… Ze garapen ikusten duzu zuk zure lanean?
Ama izan nintzeean geldialdi bat egin nuen 9 hilabetez eta ez nuen ezer marraztu. Bueltatzean ez nekien nondik hasi eta krisis moduko bat izan zen. Denbora gutxiago nuen lanerako eta denbora gutxi horri etekina atera beharra zegoen. Gustoko ez nituen lan batzuetan aritu nintzen galduta bezala eta bapatean gustoko nuen zerbait aurkitu nuen. Nire bizitzako aldaketak lanean ere eragina izan zuten nolabait. Pertsona berria nintzen eta nire lanak ere puntu horretatik aurrera transformazio bat izan duela esango nuke. Ez dakit garapena izan den edo beharrei egokitzea.
nola ikusten duzu marrazkilari profesionala izatearen aukera? eta zein da zure ustez ilustrazioaren egoera gaur egun?
Merkatua handia da eta gaur egun sare sozialekin errazagoa da lana erakustera ematea munduan barrena. Horrek ateak irekitzen dizkio hasi berriei ere. Lehen emailak bidali behar ziren eta portafolioak erakutsi. Askotan ez zegoen erantzunik ere. Gaur egun kasu askotan jarraitzaileek kurrikulumak baino inportantzia gehiago dute. Honek ez dakit zer eragin izango duen etorkizuneko merkatuan, baina iada somatzen hasi da. Hala ere, marrazkilarientzat aukera ezberdinak daude profesional izateko; animazioa, prentsa, bideojokuak, publizitatea, merkatu editoriala, textu liburuak… Gaur egun ilustrazioaren egoera ona dela esango nuke, nolabait ilustrazioa modan dagoelako, baina ilustratzaileen egoera geroz eta okerragoa dela esango nuke. Inteligentzia artifiziala ere ate joka dugu eta datozen krisiek ez dakit zer eragin izango duten merkatu honetan. Mekanizazioa geroz eta gehiago erabiliko da ziurrenik animazioan eta ilustrazioan ere. Inteligentzia artifizilak egindako komiki bat argitaratu berri da Japonen.
Marrazkilari gehienak autonomoak gara eta profesio hau oso aldakorra da. Hilabete batetan 3 proiektu izan ditzazkezu eta urrengoa 0. Horrela bizitzea gustatu behar zaizu.
ze ilustrazio lan berri dituzu esku hartean?
Nire lehen komikia idatzi eta marraztu dut haurrentzat. “La familia panda, somos uno más” du izenburua eta laister argitaratuko da. Komikiaz gain elduentzako biografia bat ilustratu “Maria Montessori. Una vida para los niños” eta umeentzako beste álbum bat. Lanean murgilduta oraintxe bertan beste bi liburutan nabil. Liburuez aparte,, Lugaritz Kultur Etxean, erakusketa bat egingo dut azken urteetan egindako ilustrazio batzuekin Ikertze.org proiektuarekin elkarlanean. MARRAmarmarka deituko da.
eta amaitzeko,diseinu ikasle gehienek, oso gustokoa dute marraztea, etorkizuneko grafista eta marrazkilari hauei aholkuren bat ematerik?
Disfrutatu egiten duzun horrekin. Ordu asko pasatzen ditugu lanean, gehiegi esango nuke. Zure buruarengan konfidantza izan eta egiten duzun horretan sinistu. Eta garrantzitsuena nire kasuan behintzat, lan asko egin eta behin eta berriz saiatu. Inork ez zaitzala ilusioa kendu. Azken finean ofizio bat da eta orduak sartuz ikasten da, ez dago magia trukorik. Eta magia trukoren bat eskuartean baduzue niri ere partekatu, mesedez. ;)