Marrabila

bizitzaren marraren bila: Marrabila

Marrabila: Nahia Iglesias Panparacuatro, arkitektura mundutik datorren marrazkilaria. Akuarelen ñabardura ederra menperatzen duen ilustratzaile trebea.
Duela urte batzuk, bidaiatzen hasi eta hortik dabil marraren bila, Marrabila. Bidean zehar aurkitzen dituen pertsona, leku zein une iragankorren ilustrazioz betetzen doa motxila. A ze marabila!
Munduko edozein txokotatik lan egitea gauza ederra dela dio. Pintzelak eskuan eta ibili munduan!
Hasieran erretratuak eginez, ondoren webgune bat eraiki, sareetan zabaltzen hasi eta pausoz-pauso bere lan ederra zabaltzen.

Irudigile gisa egin duzun ibilbidea kontatuko al diguzu?

Pertsona gehienek bezala txikitatik margotu dut. Gurasoek margolari ezberdinen tailerretara eraman ninduten eta bertan asko ikasi eta gozatu nuen. Gero bizitzaren bueltak direla eta, Arte Ederrak ikasi beharrean Arkitektura Teknikoa ikasi nuen eta urte batzuez karrerarekin eta beste zenbait konturekin lanpetuta ibiltzeagatik pixka bat alboratu nituen pintzelak.

2016an arkitektura munduan zegoen lan eskasiak nazkatuta eta mundua ezagutzeko nuen grinak, motxila hartu eta Amerikar kontinentea ezagutzera eraman ninduten. Eta horrela, nire denbora eta ilusioa berreskuratuta berriz margotzeari ekin nion. Hasiera batean bertatik dirua ateratzeko inolako asmorik gabe… baina bidaia aurrera zihoan eta inguruan mota guztietako lanak egiten zituzten pertsonak ezagutzen joan nintzen. Eta bururatu zitzaidan nik ere nire irudiekin egin nezakeela lan.

Hasieran batezere erretratu pertsonalizatuak egiten ibili nintzen, webgune bat egin nuen, eta sare sozialak erabiltzen hasi nitzen eta pixkanaka-pixkanaka nire lana leku ezberdinetara iritsi zen. Lehen enkargua Gaztezulo aldizkaritik etorri zitzaidan, eta horren ostean poliki poliki hurrengo proiektuak iristen joan ziren.

Soberania Alimentaria aldizkariko azala 2020. Ilustrazioa: Marrabila
Soberania Alimentaria aldizkariko azala 2020. Ilustrazioa: Marrabila.

Ilustrazioa lana da, bokazioa, pasioa. Zer da gehien gustatzen zaizuna marrazkilari moduan egindako lanetik? 

Gehien gustatzen zaidana munduko edozein txokotatik lan egin ahal izatea da. Nire margoak, papera eta ordenagailua gainean izanda munduko edozein lekutatik gehien gustatzen zaidana egin eta trukean dirua jaso dezakedala jakiteak kriston askatasuna eta lasaitasuna ematen dit. 
Euskal Herritik oso urrun egonda ere, margotzen dudanean etxean nago nonahi egonda ere. Nire denboraren jabe naiz, nire lana eta dirua nik bakarrik kudeatzen ditut.
 Paperaren aurrean nagoenean, ni bakarrik, gustuko musikarekin, pitzelak prest eta margotu nahi dudana argi izanik nire buruan… benetan zoriontsua eta zorteduna sentitzen naiz.

Yaguarcocha urmaelean (Ecuador) margotzen 2019 Argazkia: Marrabila
Yaguarcocha urmaelean (Ecuador) margotzen 2019. Argazkia: Marrabila.

Zure irudiek emakumearen inguruko errebindikazio moduan ageri zaizkigu. Zer esan diezagukezu ikuspegi feminista horren inguruan? 

Emakume izateak eta ikuspegi feministak nire bizitza zeharkatzen dute goitik behera, alor guztietan. Beraz margotzen dudanean ere horrela izatea modu naturalean ateratzen zait. Ezagutzen dudanetik eta ezagutzera eman nahi dudanetik margotzen dut.
Egun bizi garean sistema kapitalista cis-hetero-patriarkalean asko dira aldatu beharreko gauzak, eraiki beharrekoak, salatu beharrekoak… artearen mundutik nire aportazio txikia egiten saiatzen naiz. Ilustrazioak komunikatzeko duen indarra norabide horretan aprobetxatzen.

Autodefentsa Feministaz Armatuta 2020. Ilustrazioa: Marrabila
Autodefentsa Feministaz Armatuta 2020. Ilustrazioa: Marrabila.

Zure akuareletan txundituak geratzen gera, freskotasuna,expresioa… zer konta diezagukezu zure ilustrazioez? Zure ustez, zer ezaugarri dituzte? 

Ba niretzako garrantzitsua den puntua, eta ilustrazio ezberdinetan zehar errepikatzen dena, koloreen erabilera bizia da. Ilustrazio batek kolorerik ez badu, edo kolore oso itzaliak baditu, edo gustoko ez dudan kolore konbinazio bat badu zerbait falta zaiola iruditzen zait.
Nire ilustrazioak ikustean begikolpe batez zerbait trasnmititzen dutela iruditzen zait, edo horretan saiatzen naiz behintzat. Eta ez dakit zer gehiago esan, zaila egiten zait nire ilustrazioak kanpotik baloratu edo ezaugarritzea.

Larruazala. 2021 Ilustrazioa: Marrabila
Larruazala. 2021. Ilustrazioa: Marrabila.

Zergaitik akuarela? Bestelako teknika edo tenologiarik? Zein da zure ilustrazioak sortzeko prozesua? 

Akuarela asko gustatzen zait hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin bere koloreek eta bizitasunak txunditzen naute. Baita sortzen diren textura eta formek. Jarraitzeko, pazientzia gutxidun pertsona naiz, eta akuarela teknika erlatiboki azkarra da, nik ez dut pazientzarik oleo pieza batekin bi hilabetez aritzeko adibidez; akuarelak bilatzen dudan azkartasun hori ematen dit, berehalakotasuna. Eta azkenik akuarelak pixka bat kontrola galtzera behartzen zaitu, bere orbanek eta formek jokaera iragarrezina daukate eta niri hori ondo datorkit nire izateko modu – batzutan kuadrikulatuari – aurre egiteko.
Teknika ezberdinak konbinatzerakoan irudiak asko aberasten dira nire iritziz, hori dela eta akuarela beste teknika lehor batzuekin konbinatzea gustatzen zait: arkatz akuarelagarriak, errotulki akrilikoak, grafitoa, tinta txinatarra…
Nire prozesuari dagokionean ez da beti berdina. Enkargu bat denean, hiru fase nabarmenduko nituzke: Lehenik, bezeroak komunikatu nahi duenaren inguruan hausnartzen ibiltzen naiz, ezer margotu edo idatzi gabe, besterik gabe buruan izaten dut egitekoa egun batzuetan zehar. Bigarrenez, jesarri eta ditudan ideia ezberdinak paperean jartzen ditut eta ideien zuhaitzak edo bestelako teknikak erabiliz ideak garatuz eta lehen zirriborroak egiten noa; baita kolore paletak eta erabiliko ditudan teknikak zehaztuz noa. Bigarren hau da parte zailena niretzat. Eta hirugarrenez bezeroari ideia eta zirriborroak ondo iruditzen bazaizkio margotzen jartzen naiz. Azken fase hau da gehien gozatzen dudana.
Azken fase honetan arkatzekin hasten naiz normalean, forma orokorra ematen, ostean akuarela eta azkenik teknika lehorrekin azken ikutuak ematen dizkiot. Nire ilustrazio ia denak eskuz margotuak direnez, digitalki erabili ahal izateko eskanatu egiten ditut. Ostean photoshop-arekin fondoak kendu eta koloreak pixka bat egokitzen ditut. Batzuetan ikuturen bat gehiago ematen diot photoshop-arekin; baina ezer gutxi.
Ilustrazioa niretzako proiektu pertsonal baterako bada prozesua pixka bat sinpleagoa da…ez dut hainbeste denbora behar mezu edo ideia bat nola komunikatuko dudan zehazteko. Sinpleki barnean dudana margotzen hasten naiz, hainbeste hausnarketa eta zirriborro gabe.

Askatzeko ezintasuna 2021. Ilustrazioa: Marrabila
Askatzeko ezintasuna 2021. Ilustrazioa: Marrabila.

Zure ikuspegitik, nola ikusten duzu ilustrazioaren mundua gaur egun? Zure ustez, zer etorri daiteke etorkizun hurbilean? 

Gero eta irudigile gehiago gaude, mota guztietako lanak aurki ditzakegu, mota guztietako autoreak eta teknikak… Nolabait goruntza doan lanbidea da eta halaere oso lan prekarioa da gutako gehienentzat. Gu gara geure lana baloratu behar dugun lehenengoak bezeroen aurrean modu egokian gure lana defendatu ahal izateko eta gutxinaka bai ekonomikoki baita sozialki Ilustrazioa errekonozitua izateko. Beste ilustratzaileekin saretzea, jakintza elkarbanatzea eta dauden irudigileen elkarteetako (Euskal Irudigileak, Galtzagorri Elkartea…) kide izatea berebizikoa ikusten dut egoerari buelta emateko.

Santa Pau Ale Works en Rels garagardo etiketa 2021 Ilustrazioa: Marrabila
Santa Pau Ale Works en Rels garagardo etiketa 2021. Ilustrazioa: Marrabila.

Amets egiten jarrita, zer gustatuko litzaizuke marraztea?

Ez dut ametsetako ilustrazio edo lan konkreturik egia esan. Asko dira biziki gozatuko nituzkeen lanak proiektua gustoko badut eta margotzerako orduan askatasuna ematen badidate. Helduentzako nobela baterako ilustrazioak, gustoko dudan liburu baten azala, miresten dudan ilustratzaileren batekin elkarlanean egindako proiekturen bat…

Asfixia 2020.Ilustrazioa: Marrabila
Asfixia 2020.Ilustrazioa: Marrabila.

Ziur iturri askotatik eta arlo askotatik edaten duzula, baina ilustrazioari, marrazketari edo pinturari buruzko erreferentzia batzuk?

Ba egia esan asko dira ditudan erreferentziak eta iturri pilo batetatik inspiratzen naiz: jendearen kontakizunetatik, paisaietatik, bizipenetatik, liburuetatik…
Baina ilustrazioari dagozkionak aipatzeko: Felix Scheinberger, Ekaterina Koroleva, Olivier Bonhomme, Ana Santos, Conrad Roset… Eta Euskal Herritik: Ane Pikaza, Txakur Gorria Kolektiboa, Maite Mutuberria…

Cenar Angustia 2020. Ilustrazioa: Marrabila
Cenar Angustia 2020. Ilustrazioa: Marrabila.

Zein proiektutan ari zara lanean orain? Kontatu daitezkeen etorkizuneko proiektuak?

Oraintxe bertan Aitor Regueiro Oñatiko kantautorearen diskaren azala eta barneko ilustrazioak amaitu berri ditut eta Opcions aldizkari katalanak eskatu dizkidan ilustrazioak zirriborratzen nabil. Eta beste alde batetik lagun batek eta biok Ttipi-Ttapa izeneko haurrentzako album ilustratu bat egin genuen txapelketa baterako. Ez genuen irabazi, baina gu gabiz orain autoedizioan Taupakarekin eta Durangoko Azokarako prest edukitzeko asmoa dugu.

Ttipi ttapa 2021. Ilustrazioa: Marrabila
Ttipi ttapa 2021. Ilustrazioa: Marrabila.

Amaitzeko, zer esango zenieke diseinu eta ilustrazio ikasleei?

Lehenik eta behin ikasten dauden denbora aprobetxatzea, nik ez nituen ikasketa horiek burutu eta bizitza profesionalean zehar ezagutza batzuk faltan bota izan ditut eta beste nolabait ikasi behar izan ditut, hala nola, bezeroekin zelan tratatu, gure lanari zer prezioa jarri, aurrekontuak eta fakturak modu egokian nola idatzi, porfolio pertsonala nola egin eta nola helduarazi gure bezero potentzialei…
Sare sozialak ahalik eta modu egokienean erabiltzen saiatzea, gure lanaren erakusleiho bezala erabiltzea, bezeroak aurkitzeko edota bestelako artistak ezagutzeko tresna bezala bai; baina sareetan (denbora gehiegi) ez galtzea.
Lehen esan bezala gure lana baloratzen lehenak izan behar garela uste dut, bezeroek eta munduak balora gaitzan; eta aldi berean gure lanarekiko kritikoak izan behar gara eta ez konformatzen ikasi.
Egunero margotzea, margotzen gozatzea eta haien lana maitatzea!

Lokers taldearen maketaren azala 2020. Ilustrazioa: Marrabila.
Lokers taldearen maketaren azala 2020. Ilustrazioa: Marrabila.