Marrazketa artistikoaren hizkeran aski dira hiru letra. L linea adierazteko (aztertzeko, ahokatzeko, proportzioak emateko…), O orbana adierazteko (argi-ilunen bidez bolumetria itxura emateko) baita K kolorea adierazteko, simulazio orok bizitza irudikatu dezan.
Eskultura da ezagutzen den jarduerarik zaharrena. Hasiera-hasieran, lehen eskultoreak buztina landu zuen, egun eskulturak sortzeko erabiltzen ditugun materialetan malguena. Gerora, mesedea eskertzeko, gizakiak jainkoak asmatu zituen, forma eman zien gisa guztietako materialak, biziak zein hilak, erabiliz: buztina, harria, zura, metala. Kontzeptua naiz teknika da eskultura, irudimena zein lana. Ezin ditugu ahaztu birtual bezain egiazko diren grabitatea zein denbora. Denborak –airea, haizea, ura, argia moldatzen dituen eskultore handiak– egunero erakusten digu ispiluan gure eskultura amaitu gabea.
Lineatik, koloretik zein orbanetik abiatuta, irudikatutakoa gauzatzeko balio duen oro da teknika. Irudikatutakoa, berriz, egia izan daitekeenari buruzko hausnarketa da. Teknika Gramatika da, baina ez gramatika soila. Ez dezagun sekula gutxietsi espirituak agerian jartzeko darabilen bidea.
Hizkera grafikoak ahalbidetzen du mundu guztian zehar gauzatuko diren diseinu, fabrikazio edo eraikitze prozesu ugarietan esku hartzen duten pertsonen arteko komunikazioa. Hizkera unibertsal hau marrazketa teknikoa da. Marrazketa teknikoak baliabide kontzeptualak naiz praktikoak ematen ditu existitzen diren formak edota proiektugileek eta diseinatzaileek sortutakoak grafikoki irudikatzeko.
igo^